Elduaien Hizkuntza Eskolak babesten duen Tolobolei infantil mailako taldea Euskadiko boleibol txapeldun atera da lehenbiziko aldiz.

Hiru denboraldi daramatzate dagoeneko Tolobolei Elduaien taldeko gazte hauek elkarrekin jokatzen eta ezagutzen, eta zorionez aurrera egiten ari dira etengabe.

Sekulako lana egiten ari da Tolobolei Elduaien mutil hauek kirol polit honetan lehenengo pausoak eman zituztenetik eta beraien ahalegin handiak sari bikaina eskaini zien martxoko lehenengo asteburuan.

Hain zuzen ere, eta nahiz eta partida etzen batere erraza, Manteoko kiroldegian ospatutako finalean Bera Bera taldea merezimendu osoz menderatzea lortu zuten.

Denbora luzean itxoin zuten hitzordua zen Euskadiko Txapelketa. Aurreko urteetan Tolobolei Elduaienek etzuen areriorik eta infantil mailako titulu autonomikorik etzen eman. Estreinaldiko urduritasun logikoa nabaritu zuten tolosarrek, baina finala aurrera egin ahala, puntua hartu zioten. Eta baita merezita irabazi ere.

Tolosarrek 25-14 eta 25-20 emaitzekin bi setetan garaitu zuten talde donostiarra. Hasieratik markagailuan aurretik, lehenengo setean agerian gelditu zen bi taldeen arteko diferentzia. Eta bigarrengoan ere, aldaketak egin eta gero guztiek parte hartu zezaten, garaipena urdinentzat izan zen. Gainera, Aimar Saez jokalaririk onena aukeratu zuten.

Saria bikoitza da, tituluaz gozatzeaz gain Tolobolei Elduaien ekainaren 14tik 16ra Murtzian (Lorcan) ospatuko den Espainiako Txapelketarako sailkatu baita. Kirol helbururik gabe, bidaia ilusioz beteta egingo dute tolosarrek eta ekitaldiaz gozatzea eta irabazitako esperientzia erabat bizitzea izango dute jomuga.

Elduaien Hizkuntza Eskolan oso gustuko dugu gazte kirolarien taldeei babestu eta/edo laguntzea. Izan ere, neska-mutil hauek egunero erakusten digute ahalegina, talde-lana eta arrakasta izateko komunikazioak daukan garrantzia, eta baita errespetua eta kiroltasuna ere.

Gure zorionik beroena guztioi!