Gure historia
Elduaien Hizkuntza Eskola
Elduaien Hizkuntza Eskolak 1970. urtean hasi zuen bere ibilbidea, gaur egun gure Zuzendaria dugun Joxe Mari Elduaienen eskutik. Garai hartan, bera izan zen etorkizunean hizkuntzak jakiteak izango zuen garrantziaz jabetu zen lehenengoetakoa eta handik aurrera, bere asmo nagusia bihurtu zuen hizkuntza hezkuntza ahalik eta jende gehienaren eskura jartzea.
Hala hasi zen Tolosan lehen ikasleei bere etxean irakasten, baina aurreikusi bezala, gero eta jende gehiago jabetzen hasi zen ingelesak ikasketetan eta lanerako zuen beharraz eta laster, hainbeste ikasle hartzeko leku berri baten bila hasi behar izan zuen.
Horrela ireki zen 1986an Nafarroa Etorbideko akademia, ilusioz beteriko irakasle multzo batekin.
Baina ikasle kopurua etengabe haziz joan zen eta Tolosan hirugarren zentro bat irekitzea erabaki zuen 1989. urtean, Kondeaneko aldapan, gaur egun Tolosan ikasle gehien dituen akademia izanik.
Hurrengo urtean, 1990ean, negozioen munduan hizkuntzak hartzen ari ziren berebiziko garrantziari aurre hartuz, enpresetan hizkuntza klaseak ematen hasi zen, bere jardueraren zati garrantzitsu bihurtu delarik.
Handik aurrera, 90. hamarkadan, Elduaien Hizkuntza Eskolak hizkuntzen ikaskuntza ahalik eta ikasle gehiagori iristeko bere asmoa bete zuen Tolosatik kanpo bere lehen zentroa irekiz, Lasarte-Orian eta handik gutxira, hiriburura jauzia egin zuen, Ondarretako zentroa zabaldu zuenean, gaur egun Donostian ditugun lau zentroetatik maitatuena eta handiena ere.
Hizkuntzen ikaskuntzak zuen eskaria handia zela eta, batez ere, haur eta gazteen artean, ikastetxeetan bertan hizkuntza klaseak ematen hasi zen Elduaien eskola orduetatik kanpoko jarduera bezala. Eta gaur egun, ikastetxe askorekin egiten dugu lan ikasleen formakuntzan elkarlanean.
Ondoren, herri txikiagoetan hizkuntzak ikasteko aukera zabaltzea erabaki genuen eta honela, Urnieta (1997), Alegia eta Villabonako zentroak (2000) ireki genituen.
2004an Donostian bigarren eskola ireki zen Intxaurrondon eta 2009. urtean, Tolosako laugarren eskola ireki zen herrigunean, Gorosabel kalean.
Goierrirantz bidea irekiz, 2011. urtean Beasainen egoitza berria sortu zen Nafarroa Etorbidean eta hurrengo urtean, 2012an Intxaurrondon Donostiako hirugarren zentroa.
2013an Villabonako zentroa erdigunera eraman genuen erosotasun guztiak izateko eta 2016ko irailean Andoainen Elduaien Hizkuntza Eskolaren 14. eskolari ongi etorria eman genion.
2019ko udan zehar Donostian ikasketa zentro berri bat ireki dugu, Grosen, eta lurralde osoan zehar egin dugun ibilbidea osatu dugu luzean itxaron dugun Irunera iristearekin batera, hemen ere hiri erdialdean.